Friday, April 29, 2016

Nola idatzi letraz 13, 35, 102, 600. Ziur dakigula?

2016ko apirila - Kaiera

Zenbakiak nola idatzi oinarrizko ezagutza bat da, txekeak betetzeko guztiz beharrezkoa. Gaur egun txeke gutxi betetzen dira, baina hezkuntza sisteman eta beste hainbat esparrutan zenbakiak ondo idazten jakin beharko genuke.

Euskaltzaindiak idazle klasikoen usarioari eta baita ere ikastetxe, komunikabide, banketxe eta abarretan  egin den erabilerari jaramon egin die.

Hona hemen zenbakiak letraz idazteko gako batzuk:

Hogei arte elkarturik idazten dira zenbakiak:
  • 13 hamahiru
  • 15 hamabost
  • 18 hemezortzi
  • 19 hemeretzi

Hogeitik aurrera bi hitzetan (hogeita, berrogeita, hirurogeita, laurogeita)
  • 35 hogeita hamabost (eta ez hogei eta hamabost)
  • 77 hirurogeita hamazazpi
  • 99 laurogeita hemeretzi

Ehundik gora "eta" aparte idatziko dugu:
  • 101 ehun eta bat ("ta" edo "da" bezala ahoska daiteke)
  • 102 ehun eta bi
  • 154 ehun eta berrogeita hamalau

Ehunekoak hitz baten:
  • 300 hirurehun
  • 400 laurehun
  • 600 seiehun
  • 900 bederatziehun

Milatik gorakoak:
  • 1000 mila (eta ez milla)
  • 1200 mila eta berrehun
  • 1201 mila berrehun eta bat (eta ez mila eta berrehun eta bat)
  • 1984 mila bederatziehun eta laurogeita lau

Kontuan izan berdin onartzen direla ondorengoak:
  • Bost edo bortz
  • Hemezortzi edo hamazortzi
  • Hirurogei edo hiruretan hogei
  • Laurogei edo lauretan hogei

Informazio guztia Euskaltzaindiaren "Zenbakien Idazkeraz" arauan.

No comments:

Post a Comment